Bichta éder

Paperback, 426 pages

Euskara language

Published by Elkar.

ISBN:
9788413601816
5 stars (4 reviews)

Gaur kazetan ari da Eñaut Oihenart, urtetan Euskal Herritik urrun ibili ondotik, fisikoki nahiz gogotik. Xalbat Barnetxe laborari eta militante zailduak ohartarazi du, isilpean, euskal kostako jauregi abandonatu batean badela asmo ezkuturen bat, eta Eñaut ikertzen hasiko da zer ote den eraikitzaile-promotoreak eta tokiko agintariak lotzen dituen negozio ilun hori.

Théodore Vermandois azken biztanlea izan duen jauregi horren historiak biltzen ditu Nafarroako erresuma ahantzia eta Frantziako Iraultza, II. Mundu Gerra eta Aljeriaren independentziakoa, handikien familia baten gainbehera eta Lapurdiko euskaldunen ezinbizia.

Eneko Bidegainek, literaturara itzulirik, goranahi handiko istorio bat asmatu du, irakurlea harrapatzen duen thriller politiko bat ez ezik, egungo gizartearen kontraesanen ispilu ere badena: itxurakeriaren zama, harreman sentimentalen zaila, militantziaren eredu erritualizatuak, kazetaritzaren morrontzak, euskararen patua.

1 edition

Irakurketa ederra, Iparraldeko "taupada" hartzeko

5 stars

Bat Aitortu egin behar dut kosta zaidala engantxatzea. Jakin badakit hori gertatzen zaidanean, gehienetan, arazoa ez dela liburua, kontzentratzeko gaitasuna baizik. 100 orrialde inguru joan dira, haria hartu dudanerako. Hori bai... hartu dudanean, primeran!

Bi Askotariko gaiak: kazetaritza, etxebizitza, espekulazioa, militantzia, gerra zikina, Arjel, gerra zibila, eskuin muturra, ekologia, laborantza, twitter... Gai guzti-guztiak ondo landuta. Koktel ederra! Horrez gain, istorioak erritmo ederra du; sinisgarria da; tentsioa mantentzen du... Bikaina!

Hiru Enekori egindako elkarrizketa bat entzun dut irratian. Oso ondo deskribatzen du liburu baten konplexutasuna. Kontua ez da ekintzak kontatzea eta pertsonaiek ekintza horietan zein parte duten azaltzea. Kontua da, pertsonaiak definitu ondoren, horien gorabeherak ere kontatu behar direla, ekintzekin erabat lotuta ez badaude ere. Horrek espazio behar du, eta liburua "potolotu" egin daiteke. Arrazoi du, bai horixe!

Lau Beti egin zait deigarria Iparraldeko militantzia-moldea. Enekok lurzaindia mugimendua aipatu du. Gehiago ere okurritzen zaizkit niri. Portzierto... liburua irakurtzen egon naizen egun …

reviewed Bichta éder by Eneko Bidegain

Osagai asko dituen liburu ederra

5 stars

Pertsonaia eta bizipen asko lotzen dituen eleberria. Oso lagungarria liburu hasieran "qr" kode bidez kontsultatu daitekeen gida modukoa. Istorioak intrigari eusten dio eta gustura irakurri dut. Askotariko gaiak aipatzen ditu liburuak, egungoak zein historian zeharrekoak. Eugenia pertsonaiaren bidez, esate baterako, gai asko ikutzen ditu: euskaldunon autogorrotoa, emigrazioa, nagusien bakardadea,...

reviewed Bichta éder by Eneko Bidegain

Liburu handia da

5 stars

Konplexua bezain adiktiboa. Ni behintzat erabat harrapatu nau lehen orrialdetik. Kontatzen digun istorioa erakargarria da eta transmititzen dituen historiaren zertzeladak oso interesgarriak.

Pertsonaien kopuruari dagokionez, esan behar dut hasieran beldurtu ninduela kopurua ikusteak, baina lortzen du pixkanaka zu haietara egokitzea eta ez dizu memoria ariketa handirik eskatzen. Pertsonaiei buruz esango nuke (eta hau asko gustatu zait), kontrapuntu oso interesgarriak daudela beraien artean. Kontrapuntu horiek sortutako "tentsio" uneek irakurketa are interesgarriagoa bihurtzen dute: ez delako lerratzen egia bakar batera une oro. Zentzu horretan, badira esaldi eta ideia batzuk ausartak iruditu zaizkidanak.

Irakurketa gomendagarria, zalantzarik gabe.

avatar for Urko@paperjale.eus

rated it

5 stars